Leioako adinekoen eguneko zentroak 15 urte bete ditu
16/01/2018
Adinekoei beren ingurunean eta senideekin harremanetan arreta ematen dien zainketa-eredua
- Hamabost urteotan, Leioako eta herri mugakideetako 500etik gora adinekori eman zaie arreta.
- Urteotako erabiltzaileen profila hau izan da: 82 urteko emakume alarguna, dementzia, hipertentsio arteriala, narriadura kognitibo moderatua eta mendekotasun funtzional moderatua dituena.
- Orain arte, toki publikoak izan ditu zentroak baina, datozen asteotan, foru-baimena lortuko da 60 urtekoak edo hortik gorakoak –mendekotasun-egoeran egon ala ez– sar daitezen toki pribatuak eskaintzeko.
- Urteurrena nabarmentzeko, omenaldia egin zaie eguneko zentroko erabiltzaile zaharrenei.
Leioa-Estartetxe adinekoen eguneko zentroa –Bizkaiko Foru Aldundiko gizarte-azpiegituren sareko partaide dena, IMQ Taldeko Igurco Servicios Sociosanitarios-ek kudeatzen duena– ireki zenetik hamabost urte igaro direla ospatzeko, Bizkaiko agintari soziosanitarioek omenaldia egin diete eguneko zentro horretako erabiltzaile zaharrenei. Hamabost urteotan, Leioako eguneko zentroko profesionalek bertoko eta herri mugakideetako 520tik gora adinekori eman diete arreta.
Omenaldian hainbat agintarik parte hartu dute, hala nola: Juan Carlos Martínez, Leioako Udaleko Gizarte Ekintzako zinegotzia; Rakel García, Leioako Gizarte Zerbitzuetako gizarte-langilea; Josune Sauto, Azpiegiturak foru-erakundeko Marketin eta Ustiapeneko zuzendaritzakoa; Iñaki Isasi, Igurcoko Eragiketa zuzendaria; eta Eneritz Elgezua, erakunde horretako eguneko zentroetako zuzendaria, baita Igurco-ko beste profesional batzuk ere, esaterako, Amaia Cantera eta Sonia Robles.
Ekitaldian, omenaldia egin zaie zentroko erabiltzaile zaharrenei, bertan bizi diren 60tik gora pertsonen ordezkari gisa. Guztiak egon dira ekitaldian, senideekin batera. Leioako Gizarte Ekintzako zinegotziak eta Azpiegiturak-eko ordezkariak bi lore-sorta eman zizkioten Daniela Quirceri eta Basilisa Díezi. Haiek egun-zentroko erabiltzaileak dira 2011tik. Ospakizunak giro ederra izan du, izan ere, Koldo Ruiz taldeak bertaratutakoak dantzarazi ditu.
Igurco-ko eguneko zentroetako zuzendari Eneritz Elgezuak adierazi duenez, “hamabost urteotako 500etik gora erabiltzaileen profila hau da: Leioako edo inguruko herrietako 82 urteko emakume alarguna, dementzia, hipertentsio arteriala, narriadura kognitibo moderatua eta mendekotasun funtzional moderatua dituena”.
Orain arte, toki publikoak izan ditu eguneko zentroak “baina, datozen asteotan, foru-baimena lortuko da 60 urtekoak edo hortik gorakoak –mendekotasun-egoeran egon ala ez– sar daitezen toki pribatuak eskaintzeko”.
Leioako eguneko zentroak “64 toki dauzka eta horiek narriadura kognitiboren bat duten, arazo fisikoak dituzten edo familiaren laguntza txikia duten pertsonek betetzen dituzte”. Zentroetakoinstalazioek erabilera anitzeko hiru areto –jarduerak egiteko eta atseden hartzeko hornituta daudenak–, hamar bainugela geriatriko egokitu, gimnasioa, jantokia, erizaindegia eta hainbat bulego dituzte, zentroa behar bezala ibil dadin.
Igurco Leioa-Estartetxe eguneko zentroan ematen den arreta soziosanitarioa “zientzian oinarritzen da eta bikaintasunera bideratuta dago”. Arreta hori “goi-mailako prestakuntza” duten profesionalek ematen dute: mediku geriatra bat, erizain bat, neuropsikologo bat, fisioterapeuta bat, gizarte-langile bat eta gerokultore batzuk.
Igurcoko eguneko zentroek era askotako programak dituzte, hala nola, estimulazio kognitiborako, esku-hartze funtzionalerako, errehabilitazio fisiko eta fisioterapiarako, eguneroko bizitzako jarduerak egiteko gaitasuna iraunarazi eta hori hobetzeko, jolas-jarduerak eta belaunaldien arteko jarduerak egiteko, esku-hartze familiarrerako edo medikazioa kontrolatzeko.
Ikuspegi terapeutiko batetik, “eguneko zentroek proba geriatriko osoak egiten dituzte: jakintza-alor anitzeko profesionalek, geriatriako mediku espezialistaren zuzendaritzapean, hainbat azterketa egiten dituzte, baita diagnostiko laukoitza ere, arazo medikoak, arazo psikologikoak eta mugitzeko arazoak antzemateko, zein arlo hobetu behar den jakiteko eta autonomia eta bizi-kalitatea iraunarazi edo hobetzeko gomendioak barne hartzen dituen zainketa-plana taxutzeko. Balioztapen geriatriko oso horren emaitzak ezagutu ondoren, erabiltzaile bakoitzaren premien araberako programak abiarazten dira”, zehaztu du Eneritz Elgezuak.
Eguneko zentroetan pertsona hauek daude gehienbat: “beregain bizi diren pertsonak, arazo fisikoak dituzten pertsonak edo familiaren laguntza txikia dutenak, narriadura kognitibo-motaren bat edo mugitzeko zailtasunak dituztenak, eriondo dauden eta, ondorioz, ahul dauden adinekoak, besteak beste”.
Oinarrizko zerbitzuak ez ezik (elikadura, hots, gosaria, bazkaria eta askaria), “jakintza-alor anitzeko profesionalek egindako banakako arreta-planak oinarri hartuta, zerbitzu espezializatuagoak eskaintzen ditugu, pertsonen premietara egokitzen direnak, adinekoei autonomia-mailarik handiena eta bizi-kalitaterik onena emateko, narriadura kognitiboa moteltzeko edo beste kasu batzuetan, hori prebenitzeko”, bukatu du azaltzen IMQ Taldeko Igurco Servicios Sociosanitarios-eko eguneko zentroetako zuzendariak.